KALEA GUZTIONA DA, GOZA DEZAGUN LIBREKI!
Behean sinatzen dugun Bilboko taldeek eta elkarteek –talde anitzak eta lan esparru desberdinetan aritzen garenok–, Bilboko Udalak prestatu duen Espazio Publikoari buruzko Ordenantzaren proiektuaz zera adierazi nahi diegu Bilboko hiritarrei:
Azken asteotan, Espazio Publikoari buruzko Ordenantzaren proiektuaren gaineko eztabaida zabaldu da herritar eta komunikabideen artean, bereziki, prostituzioaren debekuaren inguruan. Nolanahi ere, zabalagoa da Ordenantza honen aplikazio eremua. Gogora dezagun kalean egiten diren jarduera batzuei buruz proposatzen dena:
- Zerbitzu sexualen eskaintza eta eskaera debekatzen ditu eta gogor zigortzen ditu, emakume hauen egoera zaila eta beharrak kontuan hartu gabe eta zigorren bidez prostituzioarekin amaitu nahian.
- Kalean burutzen diren “ez-gizabidezko”tzat jotzen diren jarduera sexualak debekatzen ditu, oso formulazio zabala eta interpretagarria erabiliz. Honek gizarteak normaltasunaz onartzen dituen adierazpen afektiboak jazartzera eraman dezake.
- Kaleko edana debekatzen du eta praktika hau egiten duten gazteen aisia ordena publikoaren arazo bihurtzen du, inolako alternatibarik gabe. Harrigarria da debekua dela, soilik, edariak ostalaritza-lokal batetik ez badatoz.
- Kaleko musika eta bestelako adierazpen artistikoak mugatzen ditu, adibidez, baimenik behar ez izateko 2 metro karratu baino ezin direlako okupatu edo bi pertsona bakarrik baino ezin direlako aritu.
- Bizikleta, monopatina, patinak eta halakoen eta kometa, eta abarren arauketa zorrotzegia da. Areago, oinezkoak espaloietan eskumako aldetik joatera derrigortu nahi ditu!
- Jarduera zibiko, kultural, ludiko eta kiroletakoak lar arautzeaz gain, aldarrikapen politikoak zabaltzea helburua dutenak debekatzen ditu.
- Salmenta anbulantea arautzen du eta guztiz debekatzen du “mantarekin salmenta”. Berriro ere, gizarte-arazo bati debeku eta zigorren bitartez erantzun nahi zaio. Are gehiago, top manta delakoan erosten dutenak ere zehatuko lituzkete.
- Orain arte, inolako oztoporik egin diren jarduerak arautzen ditu: dohaineko prentsaren banaketa, ikus-entzunezko jarduerak, kuestazioak eta mahai informatiboak. Ideia politikoak zabaltzeko jartzen diren mahai informatiboak debekatzen ditu.
Ordenantza berriaren proiektuaren edukiei buruz hau da gure iritzia:
- Udalak kalean egiten diren jarduera gehien-gehienak arautu nahi ditu, espazio publikoak “herritarren elkarbizitzarako babeste aldera” eta “erabilpen zibikoa sustatzeko” aitzakiapean. Benetan egiten duena da betidanik, inongo arazorik gabe, garatu diren ekimenak eta jarduerak baimen, epe eta baldintza sare batetan estutu, kalearen erabilera librea murriztuz. Neurriz kanpoko erabilera eta gainontzeko herritarren eskubideak kaltetzen dituztenak mugatu beharko dira, baina ez askatasunak eta eskubideak urratuz.
- Zenbait jarduera, gogaikarritzat hartu izan direnak –prostituzioa, kaleko edana eta kaleko salmenta, esate baterako–, kasu batzuetan, mehatxu eta zigorren bidez ikusiezinak bihurtu nahi dituzte edo, beste batzutan, estu murriztu –kaleko musika eta bestelako adierazpen musikalak–. Hausnarketa sakonagoa behar da arazo hauei irtenbidea emateko, eta edozelan ere, ezinbestekoa da debekuez haratago arazoak konpontzeko alternatibak ematea, prostituitzen diren emakumeei, kalean edateko ohitura duten gazteei edo “top manta”ren bitartez bizimodua atera nahi duten pertsonei. Azpimarragarria da, gainera, kaleko prostituzioa eta top mantaren debekuak, batez ere, etorkinei erasango liekela, eta hauek, gehienetan, indefentsio egoera batetan daude, paperik ez daukatelako, eta Espainiako Atzerritarren Legea aplikatzen zaielako. Prostituzioaren kasuan, gainera, emakume hauek berariazko zailtasun eta babesgabetasun egoera larria jasaten dute.
- Larria da, gure ustez, aldarrikapen politikoak kaletik ezabatu nahi izatea. Ezin izango da ez ekitaldirik egin ez mahai informatiborik jarri, baldin eta eduki politikoa badaukate. Hau gizarte demokratiko eta partehartzaile batetan onartezina izateaz gain, oso arriskutsua da tarte handia dagoelako jarduera bat politiko den edo ez erabakitzeko. Desberdin pentsatzen dutenak isiltzeko tresna baino ez dirudi.
- Ordenantza honen proiektua herritarron eta talde eta elkarteen partehartzerik gabe onartu da. Uste dugu herritarrok badaukagula zeresanik bestelako gaiez bezala gai honetaz ere gure iritzia emateko. Are gehiago, erabakimena herritarrona izan behar da.
Ulergaitza egiten zaigu, berriro diogu, indar ultraeskuindarrak beste tokitan egiten ari diren modu berean, Bilboko Udalak tentazio arautzaile ahalguztidun horri ekin izana, are gehiago, ezkerra izena duen alderdi batek osatzen duen gobernuaren aldetik etorrita.
Sinatzen dugun taldeek eta elkarteek kalearen erabilpen librea, kontzientea eta besteekiko eta inguruarekiko errespetutsua aldarrikatzen dugu eta hau adostu dugu:
- Bilboko Udalak prestatu duen Espazio Publikoari buruzko Ordenantza-ren proiektuari ezetz esaten diogu eta Udaleko bultzatzaileei eskatzen diegu atzera bota dezatela, eta adierazpen herritar librea kalean ere berma dezatela, bakarrik ezinbestekoak izan daitezkeen arauak eta mugak herritarren eta taldeen partehartzerekin adostuz.
- Konpromiso hartzen dugu, bakoitza bere esparruan, manifestu hau beste gizarte-eragileen artean hedatzeko, atxikimendu gehiago biltzeko asmoz.
- Prentsaurreko batera deitzen dugu, maiatzaren 18rako, asteartea, 11:30etan Udaletxe parean, komunikabideen bitartez herritar guztiei gure iritzia eta honen arrazoiak helarazteko.
- Maiatzaren 23an, igandea, eguerdiko 12etan Plaza Eliptikatik abiatuko den manifestaziora deitzen dugu, eta Bilboko eragileak ekimen honekin bat egiteko animatzen ditugu. Aldarrikapen nagusia hau izango litzateke: “Kalea guztiona da, guztiok goza dezagun libreki, guztion eskubideak bermatuz”
No hay comentarios:
Publicar un comentario