2012/07/12

Ordenantzaren kontra agertuko gara eta espazio publikoaren erabilerari buruzko eztabaida soziala egitea eta inplikatutako eragile guztiei parte hartzeko eta erabakitzeko aukera ematea exijituko dugu

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2012-06-27ko epaiak atzera bota du Bilboko Udalak 2010-09-23ko osoko bilkuran onartutako Espazio Publikoaren Ordenantzaren kontra jarritako administrazioarekiko auzi-helegitea. Epai horren aurrean, Kalea guztiona da plataformak(1) honakoa adierazi nahi du:


1. Epaiak agerian uzten du botere judizialak eta udal gobernuak ikusmolde berbera dutela bizikidetza sozialaz eta espazio publikoaren edo kalearen erabileraz. Gure ustez, espazio publikoa bizikidetzarako eremu askea izan behar da, sorkuntzarako, pluraltasunerako, ideietarako, adierazpenerako, mugimendurako eta gozamenerako eremu librea, zentzu guztietan gure hiria bizi-eremu bilakatuko duena. Epaiak erakusten duenez, botere judizialaren eta udal gobernuaren ikusmoldea guztiz bestelakoa da. Biek elkar hartuta, legeria alderdikeriaz aplikatu eta oinarrizko eskubideen interpretazio murriztailea egiten dute.

2. Azken asteotan ikusi dugunez, ordenantzaren aplikazioak argi erakusten du auzitegiak ordenantzaz egiten duen interpretazioak ez duela inolako zerikusirik haren aplikazio zehatzarekin. Udalak behin eta berriro erabili du “ez da interes publikokoa” leloa denetariko jarduerak debekatzeko. Aitzakia horrekin, herritarrei inolako eragozpenik sortuko ez zieten eta espazio publikoaren erabilera pribatibo edo berezirik egingo ez zuten oso jarduera desberdinak debekatu ditu. Jokabide horrek argi erakusten du zein zen udalaren helburua, orain auzitegiak berretsi duena: kalea herritarren gozamenerako eta errebindikazioetarako erabiltzeari mugak jartzea. Ordenantza aplikatzeko era hori oso urrun dago auzitegiak inozoki aipatzen dituen irizpide “logiko, tekniko edo esperientzia komunekoetatik”. Udala ez da errespetatzen ari auzitegiak ordenantza berrestean ezarritako aplikazio-esparrua.

3. Orain arte bezala, aurrerantzean ere, plataforma osatzen dugun taldeok ordenantzaren kontra agertuko gara, espazio publikoaren erabilerari buruzko eztabaida soziala egitea eta inplikatutako eragile guztiei parte hartzeko eta erabakitzeko aukera ematea exijituko dugu, eta ez ditugu onartuko herritarron eskubideak murrizten dituzten debeku arbitrario eta bidegabeak.

4. Azkenik, jakinarazi nahi dugu ez dugula kasazio-helegiterik jarriko, bi arrazoirengatik. Batetik, oso garesti ateratzen delako. Izan ere, taldeok gure poltsikotik ordaintzen ari gara auzibidea, eta udalaren gastu judizialak herritar guztiok ordaintzen ditugu. Bestetik, garrantzitsuena ez delako eztabaida juridikoa, baizik eta bizikidetza soziala nola ulertzen den, askatasunaren eta errespetuaren ikuspegitik ala debekuaren eta murrizketaren ikuspuntutik. Hor bai, hor borrokan jarraituko dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario