2012/06/27

Espazio Publikoa erabiltzeko debekuak areagotu dira azken hilabete hauetan

Kalea Guztiona da herri ekimenak azken bi hilabete hauetan espazio publikoa erabiltzeko Udalak jarritako debekuak salatu nahi ditu. Maiatzean zein ekainean, gutxienez, bost debekuren berri izan du plataformak: ELA, LAB eta UGT sindikatuek lanaldia eta familia kontziliatzearen aldeko jaia Kale Nagusian maiatzaren 6rako; Errekalden konpartsa desberdinek antolatutako jaia (maiatzaren 12an); Txori Barrote konpartsaren aurkezpena Erriberako azokaren alboan (maiatzaren 19an); murrizketak eta krisia salatzeko Ez Irentzi taldeak Plaza Borobilean egin nahi zuen baraualdia (ekainak 5 eta 6); Uribarriko taldeen koordinakundeak deitutako Uribarri Eguna (ekainaren 10ean); eta Zorrotzako taldeen koordinakundeak antolatutako Zorrotza Astea (ekainaren 16an). Hori guztia ahaztu barik kolektibo ahulenek egunero sufritzen duten pertsekuzioa ordenantza jaio den egun beretik.


Espazio Publikorako bulegoak debekatu ditu guztiak bi lerrotako ebazpen tipo baten bidez, non eskaerak galarazten diren interes publiko gabeko ekimenak direlako.

Espazio publikoari buruzko Ordenantza beharrezko eztabaida sozialik gabe ezarri zutenetik ia bi urte pasa diren honetan, Kalea Guztiona da herri ekimena kezkatuta agertzen da EAJk Ordenantza aplikatzeko azken aldi honetan emandako pausu bidegabekoak direla eta. Nork erabakitzen du interes publikoduna zer den eta zer ez? Azkuna ahalguztidunak akaso? Iragarri genuen bezala, Ordenantzaren aplikazioa erabat arbitrarioa da eta herritarrak babesgabe uzten gaitu.

Udal Gobernuak, EAJk, herritarren partehartzeaz hitz egiten duten bitartean, gero eta oztopo gehiago jartzen du eta benetako partehartze soziala ekiditen du. Herri ekimenak gogoratu nahi du Ordenantza honen kasuan, ez herritarrok ez eta talde edo elkarteok –auzokoak, politikoak, sindikalak edo sozialak— ez dugula inolako aukerarik izan gure ahotsa entzunda izateko, ez dugula inongo aukerarik izan partehartzeko.

Are gehiago, herritar guztion ondarea den espazio publikoaren erabilpenaz eta elkarbizitzari zuzenean eragiten dion gai baten arauketaz ari bagara erabakimena ere herritarrona dela uste dugu. Udal gobernuko alderdiak muzin egin dio eztabaida sozialari eta ordenantza inposatu du.

Irailean bi urtez indarrean egongo den Ordenantzak ondorengo ezaugarri kezkagarriak ditu:

1- Ordenantzak neurriz kanpoko aplikazio-eremua du. Hirian gertatzen diren kaleko jarduera guztiak arautu eta estutu nahi ditu, erabilpen askea ezabatuz. Nahaste-borrastea itzela da: kultur edo kirol jarduerak, prostituzioa, praktika sexualak, umeen jolasak, bizikletaz ibiltzea, ekitaldien antolaketa, kaleko musika eta bestelako adierazpenak, kaleko salmenta, ostalaritza, bizilekuko lanak eta mudantzak, publizitatea, mahai informatiboak... Gainera, nahastu egiten dira norberaren intereserako erabilpena (terrazak, kontzertu pribatuak, merkatuak, kioskoak…) eta espazio publikoaren erabilpen ludikoa, erreibindikatiboa, harremanetarako…

2- Kolpe batez eta jarrera errepresiboa eta zigortzailea hartuz, legez debekatuta ez dauden zenbait jarduera –prostituzioa eta top manta– debekatzen ditu, beharrezkoa den eztabaida sakona saihestuz.

3- Jarduera askotarako lizentziak edo baimenak behar dira, herritarron eta taldeen adierazpen libreak itoz, formulario, epe eta baldintzekin. Halaber, herritarren etxeko kontuetarako espazio publikoaren ezinbesteko erabilpena (mudantzak, lanak..) oztopatuko da.

4- Eraginkortasuna zehapen sistema gogorrean oinarritzen da. Ezarritako arau-hausteak zenbatezinak dira eta aurreikusten diren isunak oso larriak.

Beste zerbait ere salatu nahi dugu, Espazio Publikoari buruzko Ordenantza hausteagatik isunak jartzeari ekin diola Udalak. Lehenengo urtean, soilik, 176 espediente zabaldu zituzten.

Udal Gobernua osatzen duen EAJ alderdiak, PSOE eta PPren isilpeko babesarekin, espazio publikoaren erabilpenaren arauketa oso murriztailea eta atzerakoia egin du. Oso helburu argia daukate: kalean gertatzen den oro kontrolpean eduki eta turistei begira soilik eraiki nahi duten hiri edota gizarte eredua zalantzan jartzen duen guztia zokoratu nahi dute, kaletik kenduz. Ez dute inongo oztoporik jartzen marka komertzialak edota kontsumismoa bultzatzea helburu duten ekimenak babesteko, guztiona den espazio publikoa interes pribatuetarako erabiliz, eta, berriz, herri eta gizarte mugimenduen ekimenak etengabe trabatzen dituzte.

Honen aurrean “Kalea guztiona da” herri ekimena osatzen dugun Bilboko 70 eragile sozial, sindikal eta politikook lanean jarraitzea erabaki dugu kalean Espazio Publikoari buruzko Ordenantza bertan behera gelditu eta Espazio Publikoaren erabilpenaren gaineko debate lasaia martxan jarri arte.

Honetaz gain, herri ekimenak Ordenantzaren kontra jarritako administrazioarekiko auzi-prozesua laster argituko dela jakinarazi nahi du. Maiatzaren 31n batu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Justizia Auzitegi Nagusia auzia aztertzeko eta datozen egunotan ebazpena argitaratu daiteke. Zaila izan arren, espero dugu auzitegiak bat egitea herritarron eskubideen defentsarekin eta ez daitezela makurtu, ohikoegi den bezala, agintearen gehiegikerietara.

1 comentario:

  1. Algara konpartsari ere galarazi zioten maiatzaren 9an, UEFAko finalaren egunean Albiako lorategietan jokoak antolatzea, mahai bat eta megafonia aparailu bat jarrita. Ez omen zelako "interes orokorrekoa" finalaren inguruko festa giroa euskaraz ospatu nahia. Enpin.
    http://www.algara.org/web/477

    ResponderEliminar